EA Getxo 





Getxoko Eusko Alkartasuna 

Octubre 31 2008

Begoña gazteluan hotela egiteko udal hirigintza plana behin betiko aldatu dute

Publicado por getxo a las 09:46:05 en Sin categoría


Jendartea Getxo udalerriko Udalbatzak Getxoko Hirigintza Plan Orokorrean (HAPO) lau kontu zehatzetarako behin betiko aldaketak onartu ditu, gaur goizean udaletxean egindako bilkuran. Aldaketa horietatik bakarra erabaki dute aho batez zinegotzi jesarlekua dutenek. Hori izan da egun Getxo Antzokia dagoen lursailaren eta ondoko San Nikolas gunearen kasua. Bertan, 6.500 metro koadro azalera eraikitzeko egokituko dira, antzoki berriak 24,5 metroko altuera izango duela bere punturik garaienean. Begoña gaztelua, aurreko landa eta Arriluzetik Atxekolandetara doazen eskaileren azpiko lurrei dagokienez, Udalbatzak onartu du bertan bost izarretako hotelari 1.500 metro koadro gehiago ematea, galerien metroak kontuan ez hartzea eta lur azpiko spa eta parking-a egiteko bidea zabaltzea. Gainera, hotelak beharko dituen sarbideak arautu dituzte. Aldaketa hori EAJ, PP eta PSE-EE alderdiek babestu dute, EBk aurka bozkatu duela eta ezker abertzalea eta EA beren kontrako jarrera agertu dutela. Azkenik, Sarri inguruko eta Justizia jauregiko aldaketak ere onartu dira, EAJ, PSE-EE eta EBren baietza eta PPren abstentzioarekin.

Imanol Landa alkateak azpimarratu duenez, Begoña jauregiko hotelaren proiektua aurrera eramatea “garrantzitsua” da Getxorentzat: “guk herria dinamizatu nahi dugu, aberastasuna sortzeko eta lanpostuak sortzeko, herriarentzat onuragarria delako”. Bestalde, proiektuak lortutako adostasun zabala azpimarratu du alkateak. Horretaz landa, proiektua EAJk udal hauteskundeetara aurkeztutako programan bazetorrela eta hortaz legitimazio zuzena ere baduela argitu du. Azkenik, “proiektuak gelditzeko dauden iritziei men egingo bagenie hemen ez zer ezer egingo: ez Kirol Portuaren kaia PP ez zegoelako ados, ez Turismo Bulego berria, ez Begoña gaztelua eta ezta Getxo Antzokia bera ere, batzuetan desadostasunak izan direlako”, adierazi du alkateak. Gainera, Guggenheim eta metroak bere jaiotzan proiektu horien aurkako plataformak izan zituztela gogoratu du Landak, “eta orain nor dago aurka?”, galdetu du.

Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak bere aldetik azaldu duenez, galeriak “ez dira botako”, besteen artean horretarako baimena ez duelako emango Foru Aldundiak, baina egun dauden zutabeak beharrezko pisuari eutsiko ez diotelakoan material berriekin eta horiek jartzeko era berriekin aldatu beharko direla iragarri du, “oraingoak umeen mekanoak bezala jarrita daudelako”.

Iñaki Gamero zinegotziak, PPren izenean babesa eman dio alkateari bost izarretako luxu hotela eraikitzeko, baina pauso bakoitzeko informazioa eskatuko diotela aurreratu dio.

EB, ezker abertzalea eta EA, hotelaren aurkako ahotsak

Iñaki Urkiza Arana Ezker Batuko zinegotziak aurretik izandako jarrera aldatuz, kontrako bozka eman du gaur espedientea txarto dagoela iritzita. Bere ustez, beharrezkoa izan gabe ere, onartu den aldaketa kontratuaren irizpideekin bat datorrela dioen txostena beharko litzateke.

Baina, esker abertzaleak galde-eske txandan eta EAk, prentsari zuzenean, egindako adierazpenak izan dira gogorrenak proiektuarekiko. Christian Reinicke hautetsi independentistak salatu du gaur “behin betiko” zati aldaketa egin dela Getxoko HAPOn legeek zehazten dituzten ezinbesteko hiru pauso eman gabe. Reinickek jakinarazi duenez, hasteko Getxoko Udalak hiritarrek jarritako alegazioak ez ditu oraingoz erantzun. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultur Sailaren Ondare Zuzendaritzak ez du eman eskatutako txostena eta Ura agentziari eskatu zitzaion txostenaren harira, Urak inguruan eskuduntzarik ez duela erantzun du, Bilboko Portuaren eskuetan txostena utziz. Azken horrek baina ez du oraingoz txostenik egin. “Zelan da posible behin betiko onarpena guzti hori falta bada?” galdetu diote alkateari hautetsi independentistek. Imanol Landa alkatearen arabera dena egin da zerbitzu juridikoek emandako argibideak jarraituz eta txostenak geroago HAPOra gehitu ahal izango direlakoan dago. Alegazioen gaia, berriz, arraroago iruditu zaio eta ezker abertzalekoak esandakoa ikertuko duela esan du.

Forma-hutsuneez gain, Udalbatzak luxu hotelari ateak irekitzea onartu izana “oso erabaki okertzat” jo du Reinickek. Onarpen zabala izateak biztanleriak horrekin ados egotea ez duela zertan ekarri behar gogoratu du, Bilboko World Series kasua mahai gaineratuz. Gainera, EBrekin gertatu bezala, biztanle gehienek eta horien ostean politikariek ere aurkako jarrera hartuko dutela iragarri du hautetsiak. Reinickek Begoña jauregiak izan dituen hirigintza planak aletu ditu eta gogoratu du zelan Atxekolandetako jauregia bota ondoren eta egungo urbanizazioa eraiki baino lehen, Udalak egindako arauetan jasotzen zen eraikin babestua zela Begoñakoa. Testu horiek, gainera, galeriei garrantzi historikoa, kulturala eta artistikoa ematen zieten eta eraikinak erabilera publikoa izango zuela finkatzen zuten. Baina, egun goiko aldean dagoen urbanizazioa eraikitzean 6.000 metro koadrora mugatu zen erabilpen publikoko esparrua, trukean 50 milioi pezeta ere jaso zirela ingurua urbanizatzeko, gerora erabili ez zirenak.

Orain, ezker abertzaleak salatu duenez, 2003ko eta 2004ko aldaketei segida emanez, erabilpen pribaturako bideratuko dira aipatu 6.000 metro koadroak eta beste 500 gehiago beste esparru historiko batzuk ere kaltetuz. Horregatik, ekimen horri “aurre egiten jarraituko” dutela hitza eman du Reinickek eta datozen asteetarako ekimen berriak iragarri ditu.

Bestalde, Udal Gobernuak turismoa ekartzeko dabiltzan proiektuarekiko erabateko desadostasuna azaldu dute eta, gutxienez, bi gauzetan kale egitea leporatu diete, Getxok duen ondarea ez mantentzean eta guztientzako turismoaren aldeko apustua ez baizik eta “bost izarretako hotela ordain dezaketenen” turismoaren alde egitean.

Bestalde, Eusko Alkartasunak berretsi du gaur Begoñan egitekoa den “zonaldeko zazpigarrena izango den” bost izarretako hotelaren aurkako bere jarrera eta begiratokia edo museoa ekarri dute berriz plazara. Juan Carlos Perez Getxoko EAren komunikazio buruaren arabera, arrantza eta itsasoaren museo behar luke Begoña jauregiak, bertan getxoztarrek eta bisitariek udalerriko historiaz bustitzeko esparru publikoaz goza dezaten. Horretaz gain, Etxekolandetarako eskaileren pean jarriko den lur azpiko spa ere kritikatu egin du alderdi sozialdemokratak: “kontraesan itzela da, pasa den lau urteotan Portu Zaharreko zabalgunean talasoterapia zentroa jarriko zutela esaten zuten eta orain spa bat jartzen dute hor ondoan. Ez du zentsurik”.

Begoña gazteluan hotela egiteko udal hirigintza plana behin betiko aldatu dute

Sin etiquetas

Trackback URI | Comentarios RSS

Escribe un comentario